2.- Artea: Katalina Goia
XX. mende hasieran jaiotako bi emakume segurar: Anita Artzelus Imaz (1913-1998) eta Katalina Goia Murgiondo (1911-1979).
Katalina, sukaldari esanguratsua izan zen. Bilbora neskame joan eta bertako eskola batean ikasi zituen sukaldaritzaren inguruko sekretuak. Herrira itzulitakoan (guda garaiko hainbat gertakizunen ondoren), Goierriko hainbat baserritan ezkontzako banketeak antolatzen zituen, baita Segurako Imaz Jatetxean ere. Indar enpresako sukaldeko arduraduna izan zen 60. hamarkadatik jubilatu zen arte, bere bi alabekin batera. Sukaldaritzari buruzko bere ezagutzak “Libro de Cocina” izeneko liburuan jaso zituen, 50. hamarkadan. Hainbat ikastaro eman zituen herriz herri.
Anitari berriz, ume-umetatik zetorkion artearekiko zaletasuna eta modu askotara garatu zuen zaletasun eta gaitasun hura: buztinezko irudiak, oleoz nahiz pastelez margotutako bodegoi, paisai edo eta Grekoren kopiak, altzariak zahar-berritu, arropak diseinatu, sukaldaritza, nobelak idatzi,… Beleanisten Elkarteak antolatutako lehiaketa batera aurkeztutako lan bati esker, Parisera ikastera joateko irabazitako bekari uko egin beharra izan zuen. Anitak ez zuen etsi ordea eta urte batzuk beranduago, bere urterik gozoenak eta beteenak igaro ahal izan zituen Madrilen, zaintza lanek deituta Segurara itzuli beharra izan zuen arte, ikasketak bukatu baino lehen. Aurrerago, herriko haur eta gazteei marrazketa eta margoketa erakusten urteak pasa zituen.
Biak ala biak ere hainbat seme-alaben amak. Garaiko emakumeen “zereginak” beteaz, beren barruko zaletasun, indar eta griñari entzun eta irtenbidea ematen saiatu zirenak. Zoriontasunaren eta emakume izatearen “artea” ote?